Oraingo honetan haurraren garapen psikomotorearen oinarriak aztertuko ditugu eta hauek arte hezkuntzarekin duten erlazioa.Guzti hau sakontzeko Jesus Palacios, Alvaro Marchesi eta Cesar Collen-en “Garapen psikologikoa eta hezkuntza I: Psikologia ebolutiboa” liburua erabiliko dugu.
Psikomotrizitatea organismoaren eta bere ingurunearen arteko harremanetan mugimenduak eta gorputz-jarduerak duten inplikazio psikologikoari dagokio. Psikomotrizitatearen alorra, bada, psikismoaren eta mugimenduaren eta mugimenduaren eta psikismoaren arteko harremanen mundua da.
Gorputza kontrolatzeko pixkanaka-pixkanakako prozesu baten bidez gertatzen da. Prozesu horrek funtsezko bi legeri jarraitzen die: lege zefalokaudalari eta lege-distalari.
- Garapen lege zefalo-kaudalaren arabera, burutik gertuen dauden gorputz zatiak kontrolatzen dira lehenik eta ondoren kontrola beherantz hedatuko da. Horrenbestez, lepoko muskuluak enborreko muskuluak baino lehenago kontrolatuko dira eta besoak hankak baino lehenago. Haurrak lehenago eusten dio buruari tente enborrari baino eta besoak trebeziaz erabiltzeko gauza izango da hankak erabiltzeko gauza izan baino lehen.
- Lege proximo-distalak dioenez, gorputzaren ardatzetik (goitik behera gorputza bi zati simetrikotan banatzen duen irudizko lerrotik) hurbilen dauden zatiak kontrolatzen dira ardatz horretatik urrunago dauden zatiak baino lehenago. Hori dela eta, sorbaldaren artikulazioa ukondoarena baino lehenago kontrolatuko da eta hori eskumuturrarena baino lehenago kontrolatuko da eta azken hori hatzetako artikulazioena baino lehenago. Horregatik egiten dira, hain zuzen ere, zirriborro desordenatuak zigzag zirriborroak baino lehen. Izan ere, zigzag moduko zirriborroak egiteko ukondoa astindu besterik ez da egin behar. Horiek zirriborro zirkularrak, eskumuturra biratzea eskatzen dutenak, baino lehenagokoak izango dira. Gorputzaren ardatzetik urrutien dauden zatien (eskumuturraren eta hatzen) kontrola ez da lortzen lehen haurtzaroan, eskolaurreko urteetan eta ondorengo urteetan baizik.
Psikomotrizitatearen lege hauek azaldu ditut arte hezkuntzan, gorputzaren ardatzen kontrola garrantzitsua delako, izan ere, arte hezkuntzako materialak erabiltzeko gorputzaren mugimenduen kontrola ezinbestekoa baita.
Gaian gehiago sakondu nahi izanez gero, gorago aipatutako liburua EHUko argitalpen zerbitzuak 1999. Urtean argitaratu zuen eta Bilboko Irakasleen Eskolako liburutegian eskuragarri dago. (Goian jarritako argazkia liburuaren gaztelaniazko alea da)
0 Komentario:
Publicar un comentario